XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LAU LAGUN INDARTSU Munduan beste asko bezela, Susubil errian mutil gazte indartsu bat bizi omen zan. Giartsu bere izena.

Bein batean, Giartsu, amalau arroako burdin makilla eskuetan artu, eta mundu zabalera atera zan, bazterrak ikusteko asmoz.

Joan ta joan, ibilli ta ibilli, gizon indartsu bat aurkitu zuan, arkaitz aundi bati eusten.

- Zertan ari zera, gizon indartsu? - galdetu zion Giartsuk.

- Erriaren gaiñera erori ez dadin, arkaitz oni eusten nago emen.

- Ez zera makala. Zatoz nerekin.

- Biak joan ta joan, ibilli ta ibilli, eiztari bat aurkitu zuten errotarrian zango bat sartuta zeukala.

- Zergatik zaude orrela, eiztari arin? - galdetu zioten.

- Ni ariñegia naiz, eta erbiari ere aurrea artzen diot, eta erbien neurrian laisterka egiteko errotarri au astungarri bezela artu det.

- Ez zera astuna. Zatoz gurekin.

Irurak, Giartsu, Indartsu eta Eiztari, joan ta joan, ibilli ta ibilli, olagizon bat aurkitu zuten bere aoko arnasaz putz egin eta putz egin.

- Zertan ari zera, olagizon? - galdetu zioten.

- Nik nere aoko arnasaz zazpi errota eta iru olari indarra ematen diet ibilli daitezen.